HERRI URRATS 2009

(Berria.info) Bihar izango da aurtengo Herri Urrats, Haizea alde dugu lelopean, ohi bezala Senperen (Lapurdi). Ekitaldi berezia izanen dela iragarri zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Izan ere, Seaskak bere sorreraren 40. urtemuga beteko du aurten -Herri Urrats 26.a izango da-. Iraganari begira egindako bidea handia dela iruditu arren, egin beharrekoa oraindik handiagoa dela nabarmendu du Indok. Lapurdiko, Nafarroako Behereko eta Zuberoako ikastolen aurtengo jaialdian bilduko den dirua Bidarteko (Lapurdi) ikastola egiteko baliatuko dute.

Frantziako legea den bezalakoa izanik, Seaskak ezin du jaso diru laguntza publikorik eraikinak egiteko. Bidarteko ikastola heldu den ikasturtean irekitzeko asmoa du elkarteak. Familia batek eremua oparitu dio, ikastola egin ahal izateko. Alta, eraikuntzaren gastu guztiak Seaskaren gain dira.

Lehen mailako ikastoletan arraberritze lanak bukatzea da elkartearen bigarren erronka. Aurten, Ortzaizeko (Nafarroa Behera) ikastolako lanak bermatzea izanen da helburua. Heldu den urtetik aitzina bigarren mailako egoitzen arraberritzea bermatu nahi du Seaskak. Izan ere, lehenengo Herri Urrats Kanboko (Lapurdi) Xalbador ikastola eraikitzeko baliatu zuten. Bestak aitzina egin ahala, konpontzeko beharra agertu da.

Egitarau oparoa

Aurtengo egitarauan Euskal Herriko taldeak izanen dira nagusi. Okzitaniako Brancaleone taldea salbuespena izanik, bertakoak izanen dira talde guztiak. Ipar Euskal Herriko taldeek presentzia handia ukanen dute.

Musika motak eta oholtzak nahastea bilatu dute aurten antolatzaileek. Lehenik eta behin, handitu egin dute haurren txokoa. Iaz haurrentzako gunea prestatu zuten, biberoia eman eta xatarrak aldatzeko tokia eskainiz. Horrez gain, ekitaldi ofiziala aterpetuko duen etxea haurrentzako ekitaldiak egiteko baliatuko dute arratsaldeko bietatik aitzina.

Musika kontzertuak goizeko hamarretan abiatuko dira. Amaia Riouspeyrousen eskutik, Araba Gunean. Allur, mutxikoak, Herri Urrats Kantuz, Danba, Watson, Trikidantz eta Mikel Hats izanen dira ondoren gune horretan. Musikari ibiltari ugari izanen direla jakinarazi dute.

Utzi iruzkina

WhatsApp-era joan
💬 Laguntza behar?
Txingudiko Gurasoen Elkartea
Kaixo 👋
Laguntza behar duzu?