Guraso Elkartean lanean dihardugu Ikastolaren alde oporretan ere. Ezin dugu ametitu gure seme-alaben bizitza arriskuan jartzen ari diren Irun eta Hondarribiko udal agintarien utzikeria. Horregatik, Arartekoari gure egoeraren berri eman genion atzo egin genuen bileran.

Bileran Txingudi Ikastolako Lehen Hezkuntzako zuzendaria den Ana Erasun, Txingudi BHIko zuzendari berria den Sergio Arnaiz , Guraso Elkarteko lehendakaria den Silbestre Balerdi eta elkarteko juntakidea den Mila Payo egon ziren. Aurkeztu genizkion gaiak denok ezagutzen dituzue: Semaforoa, errekaren ertzeko konponketa, udaltzaingoa, espaloia Urdanibia-Berrira, ospitaletik behera doana zabaltzea eta argiztatzea, garraio publikoa ikastetxeraino luzatzea eta bidegorria egitea Ikastolaraino.

Bileran Arartekoak konpromiso zehatzak hartu zituen Txingudi Ikastolako komunitateko ordezkariekin eta, besteak beste, bi udalekin hitz egingo zuela agindu zigun.

Gure borroka ez da eten, are gehiago, ez gara konformatuko eskaini nahi dizkiguten bi “txutxeriekin” (hesitxo bat eta farola bat). Ez dugu gure seme-alabak garraiatzen dituen autobus bat errekara erorztea nahi! Ez dugu agintarien utzikeriengatik trafiko ezbehar bat eduki nahi udaltzaingorik ez dagoleako! Ez dugu gure seme-alaba nerabeak bere bizitza egunero arriskuan jartzea gaizki diseinatu eta argiztatutako zebrabide bat pasa behar dutelako!

Urtetan izan gaituzte zokoratuta! ASKI DA!!!! Denon artean, lortuko dugu!!! EUTSI GOIARI!!!