Idatzi honen bidez, DBHko autobusen berrantolaketan eta, ondorioz, heldu den ikasturtean kaltetuak izango diren hainbat ikasleren gurasoen aurrean, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteko juntakideek izan duten jarrerarekiko gure nahigaberik handiena helarazi nahi dugu. 2011-2012 ikasturteko otsaila aldean, ikusirik, 2012-2013rako DBHko 1. mailan sartuko den ikasle kopurua 2012ko ekainean, 4. mailatik aterako dena baino handiagoa izango denez, Gipuzkoako Hezkuntza Sailak, etapa honetako zuzendaritza taldeari, eskola garraioari buruzko araudiaren aplikazio partziala egin zezan proposatu omen zion. Aplikazio partzial hau, DBHko ikasle guztiak hiru zonaldetan, A, B eta C, bereiztean datza. Honela, trenbideko zubia eta ikastola artean bizilekua duten ikasleek, B eta C zonaldekoek, ez dute autobusez garraiatuak izateko eskubiderik izango.
Txingudi Ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenak bereizketa hau ontzat eman izana, injustizia hutsa dela iruditzen zaigu. Hau da, eskola garraioaren araudiko zein irizpide aplikatu da bereizketa hau bideratzerakoan? Zer dela eta aplikazio hau soilik zenbait ikaslerekin? Baina, are gehiago, eta gure iduriko kezkagarriena dena, B eta C zonaldeko ikasle horiek, bereizketak hala beharturik, ikastolara egunero oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egingo dituzten joan-etorriak, beren bizitza arrisku bizian jartzen dutelarik, espaloirik, barandarik, semafororik, udaltzainik eta argiztaturik gabeko bidetik egin beharko dituzte,
Baina, gurasook informazio hau guztia, DBHko zuzendaritzak, 2012ko maiatzaren 14an sinatutako zirkular bat banatu zuenean, jakin genuen. Zirkular horretan bertan, informazioa ez ezik, zonaldekako bilera batzuetarako deialdia (maiatzaren 18, 21 eta 22) ere egin zitzaigun. Bilera horietara bertaratu ginenoi, Gipuzkoako Hezkuntza Saileko garraiorako arduradunekin zenbait bilera egin zituztela esan ziguten eta baita, beraietan, autobusen ibilbidetarako hobekuntzak lortu arren, oraindik, makina bat ikasle, garraio zerbitzurik gabe geldituko zela ere.
Zuzendaritzaren gidaritzapean eginiko bilera hauetara, GEko juntakide bakarra joan zen. Hauetako bilera batean, ikasle kaltetuen guraso batzuek juntakide horri, beste hainbat proposamenen artean, besteak beste, elkarte honek, garraiatuak izateko eskubidea galdu duten ikasle horiei irtenbidea bilatzeko asmoz, ikastolako guraso guztiak deituko zituen batzarra bideratu zezan eskatu genion. Komisio bat eratzeko geure buruak eskaini genituen, baita, Irun eta Hondarribiko alkateekin ikastolara doan sarbidearen egokitzapena eta hobekuntzaren alde borrokatzeko prest geundela ere, baina baita, hau guztia lortu ezean, gure seme-alabentzat behin-behineko irtenbide bat, izan ere zinez uste baitugu, behar-beharrezkoa den hobekuntza eta egokitze lana, ez dela irailerako aurrekontuetan sartuta, esleitua eta gauzatua egongo. Eskatu genuen behin-behineko neurria, Txingudi Ikastolako Guraso Elkartea osatzen dugun guraso guztion artean, ikasle bakoitzeko materialaren ordainketari hilabeteko 1,40 euro inguruko ekarpena eginez, autobus bat jartzea litzateke.
GEko ordezkariari batzarra egiteko data eta ordua egiteko hainbat alditan dei egin ondoren, berau, ekainaren 14an egitea adostu zen. Bilera hau egiteko gurasook egin behar izan genituen telefono deiak kontuan izanik, uste dugu, GEko juntakideek ez zutela, ikasle kaltetuen gurasoekin bildu nahi, ezta guraso hauek proposatu zuten behin-behineko irtenbidea planteatzeko asmo zantzurik ere. Ez dugu ahantzi behar, arazoa dagoeneko 2012ko otsailan mahaigaineratu zela. Gure asmo eta helburua, lana bat eginik egitea zen, izan ere, hurrengo ikasturteetan zehar, Hezkuntza Sailak autobus gehiago kentzen joango baita eta etorkizuneko balizko egoera aurreikusiz, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasle oro babestuko duen legezko baldintza egokitan egon beharko lukeen ikastolarako sarbidea bideratzea eta baita, hori gauzatu bitartean, B eta C zonaldeetako 35-40 ikasle horiek garraiatuko lituzkeen behin- behineko autobusa jartzea ere. Batzar honetan, argi eta garbi, honakoa esan zitzaigun: “Arazoa zuena da, soilik zuena”. Eta hauxe da, gehien mindu gaituen esaldia. Ustez, talde bakarra eta bera osatzen dugun Txingudi Ikastolako guraso guztion ordezkari direnek bereizkuntza hau egitea, jakinik, eta beraiek maiatzean zehar egindako bileretan esan moduan, 2013-2014 ikasturtean, ziurrenik, Hezkuntza Sailak araudia ikasle askoz gehiagori aplikatu diela. Beraz, garraiatuak izateko eskubidea galduko duten ikasle kopurua hirukoiztu edo laukoiztu liteke. Zer egingo du orduan GEk ikasle horiekin guztiekin? Zer egingo du GEk 2012ko irailean, sarbideko egokitze lanak eginak ez badaude? Gure kasuan, oso argi eta garbi duguna da, gure borroka gure seme-alabak ikastolara modu ziur eta babestu batean joan daitezen izango dela.
Gure blogaren bitartez jasotako idatziaren inguruan zenbait zehazpen egin nahi nituzke.
2010-2011 ikastaroaren hasiera ezkeroztik Guraso Elkartearen Juntak Ikastolaren sarbideetan hobekuntzak egiteko eskaria egin dio Irungo Udalari Alkatearekin eta Hezkuntza zinegotzia den Fernando San Martinekin egindako hainbat bileretan.
Hobekuntza hauen artean daude Puianako espaloia zabaltzea, hesiak eta farolak jartzea bertan, Ospitaleko oinezkoen pasabidean semaforo bat jartzea, Ikastolaraino bidegorria egitea eta Zaisa-Ospitalea ibilbidea egiten duen autobus-linia Ikastolaraino bertaraino iristea, sarrera-irteera orduetan Ikastolan udaltzaingoa egoteaz gainera.
Berriz diot, orain bi urte eskari hauek egiten hasi ginen, zetorrena ikusten baikenuen eta Delegaritzaren asmoa zein zen antzeman baizitekeen: zonifikazio irizpideak aplikatzen joan. Irizpide horien arabera distantzia bat markatzen da eta distantzia horretatik aurrera ikasleak Ikastolatik etxera garraiatuak izateko eskubidea dute.
Hauek dira distantziak:
– 2 kilometro DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen kasuan
– 4 kilometro DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen kasuan
Zonifikazioaren kontua urteak daramatza martxan eta Ikastolan urteetan lortu dugu martxan ez jartzea sarbideak egokiak eta seguruak ez direla argudiatuz, baina momentu honetan Delegaritzak dio sarbideak konpontzeko eskuduntza udalena dela eta zonifikazioa modu mailakatuan aplikatzen joango dela eta are gehiago, orain, bizitzea egokitu zaigun krisi ekonomiko larri honen testuinguruan. Gobernua pentsioak murrizteko, soldatak jaisteko eta hainbat neurri larri hartzeko gai bada, ez du batere arazorik izango ikastetxeetako garraio zerbitzua kentzeko eta, gehiago esango dut, ez ginateke harrituko heldu den ikasturtea bukatu baino lehen egingo balute.
Gipuzkoan zonifikazioa errealitate bat da eta gertuko adibide bat dugu Hondarribiko Talaia ikastetxean. Bide batez esan dezagun Txingudin egin duen bezalaxe Delegaritzak zonifikazio partziala aplikatu zuela eta horren ondorioz ikasle batzuk garraiorik gabe geratu zirela. Eragindako ikasleen gurasoengandik jasotako kexengatik Delegaritzak Legea bere gogorrean aplikatzea erabaki eta zonifikazioa bere osotasunean aplikatzea erabaki zuen. Talaiako Guraso Elkarteak honen aurrean guztientzat autobusak jartzea erabaki zuen baina hileko kuotan horrek ekarri zuen igoerak pagatzen ez zuten gurasoen kopurua %60ra igo zuen eta, ondorioz, Guraso Elkarteak uko egin zion autobusak antolatzeari.
Guk, Txingudi Ikastolako Juntan, Talaian gertatutakoa gogoan eduki dugu arazoari zein irtenbide eman behar zaion pentsatzerako garaian eta autobusak antolatzeko garaian eta konturatzen gara heldu den urtean behin behineko autobus bat gehiago jartzen badugu, hurrengo ikasturtean garraiorik gabe geratzen direnak gauza bera nahi izango dutela eta azkenerako Talaiakoek bezala bukatuko dugula eta inolaz ere ez dugula dinamika horretan sartu nahi.
Guraso Elkartearen Juntarentzat konponbidea hiru bektore ditu eta, berriz ere diogu, ez dela ikasturte honetan egindako eskaria. Bektore horiek Irungo Udalak berak egindako Mugikortasun Plana dute oinarrian: oinezkoentzat sarbideak, garraio publikoa eta txirrindentzako sarbideak. Hor dago gure borroka eta buru-belarri gabiltza udalarekin hori lortzeko. Delegaritzari aurre egitea, horretan bagabiltza ere, galdutako borroka da, ezin baikara izan zonifikazioa aplikatuko ez dioten ikastetxe bakarra.
Behin betirako konponbidea, berriro diogu, aurreko paragrafoan azaldutakoa lortzea izango da: oinezkoentzat behar bezalako sarbideak, garraio publikoa eta txirrinda.
Aipatu dugun bezala, denbora tarte honetan hainbatetan Alkatearekin eta Hezkuntza zinegotzia den Fernando San Martinekin bildu gara. Hauen gezur eta gure eskariei kasu egiteko borondate faltaren aurrean oposizioko talde guztiekin BANAN BANA bildu ginen. Oposizioko taldeko elkarrizketa hauek Gabonak baino lehen izan ziren eta egin ziguten harrera eta harmenarengatik uste genuen konponbidea gertu zegoela, baina ez zen horrela izan.
Martxoan, goizez eta arratsaldez autobus bana ez jartzeko Hezkuntzakoen asmoen berri izan genuen, baina ez zen onartu. Hezkuntzak orduan maiatza aldera bere proposamen berria egin zuen, azkenekoa zela eta aukera gehiago ez zituela emango azpimarratuaz (beti ere zonifikazioa bere gogorrean aplikatzeko mehatxua mahai gainean jarrita)
Horrekin lortu zen neurriak eragindako urrutien bizi ziren ikasleak (Antzaran, Hondarribia kalea, etab.) goizez autobusa izatea, egia bada ere hiri konfigurazioarengatik eta autobus geltoki ofizialen kokapenarengatik autobusa Beterrandik abiatuko litzatekeela. Azken honen inguruan aipatu nahiko nuke Zuzendaritzarekin batera eskari bat egin dugula, jakin arren geltoki ofizialik ez dagoela, salbuespen moduan, Ikastola-Txikiren parez-pare dagoen Zubi-Muxuko biribilgunean autobusak geltoki bat izan dezan. Erantzunaren zain gaude.
Garraioaren inguruan hartutako neurria eragingo zituen ikasleen inguruan hitz egiteko Hezkuntza Delegatuarekin bilera izan genuen ekainean eta espreski beste autobus bat jarri zezatela eskatu genion sarbideena konpontzen ez zen bitartean.
Delegatuak hitz onak izan zituen gurekin eta ulertu genuen ados zegoela, baina ikastetxeari egindako telefono dei baten bidez ezezko borobila eman zuen.
Delegatuarekin bilera eduki baino lehen, Irungo Udalaren aurrean presioa areagotu genuen. Bi ikastetxeetako zuzendariek eta Guraso Elkartearen Juntako kideek beste bilera bat izan genuen Alkatearekin eta honek aurrekoetan emandako hitza jan eta agindutakoa ez zuela egingo adierazi zigun sarbideak Hondarribiko udalaren eskumenak zirela argudiatuz. Bilera hartatik haserre eta huts egin zigutelaren ziutasunarekin atera ginen.
Hurrengo astean Kerejetarekin bildu ginen eta aurrekoaren beste horrenbeste, beraiek ez zutela ezer egingo eta Irungo udalak prestatu behar zuen bi udalen arteko hitzarmen zirriborroaz ez zuela inolako berririk.
Udalen utzikeriaren aurrean, komunikabideetara jotzea erabaki genuen arduradun politikoen arduragabekeria salatzeko eta hori egin eta gero, orduan bai, korrika eta presaka mugitzen hasi ziren eta heldu den ikasturterako bi udalen arteko hitzarmena izango dugula zin egin ziguten.
Hondarribiko udalak heldu den ikasturterako farolak eta hesiak izango ditugula agindu digu, orain. Guretzat, hala ere, ez da nahikoa eta semaforoa behar dugu Ospitaleko oinezkoen pasabidean semaforo bat (lortzear gaudena), espaloia eta farolak Urdanibia-Berri auzoraino, bidegorri bat ikastolaraino, Ikastolako sarreran izan den lur jauzia eta karreteraren margina konpontzea, udaltzaingoa egotea eta etorkizun hurbil batean N-1 zaharrean biribilgunea egiten dutenean, garraio publikorako autobus geltoki bat Ikastolatik gertu. Bien bitartean garraio publikoa Ikastolako aparkalekuraino sartzea lortu behar dugu.
Uztailaren 5ean Guraso Elkarteko presidentea Txingudi HH-LH eta DBHko zuzendariek lagunduta Arartekoarekin bildu ginen udalen eta Delegaritzaren utzikeriengatik bizi dugun babesgabetasun egoera azaltzeko. Arartekoak azaldu genion guzti-guztia jaso zuen eta hemendik aurrera Irungo Udalari, Hondarribiko Udalari eta Hezkutzako Lurralde Ordezkaria den Julen Bengoetxeari informazioa eskatuko die.
Nik, nire aldetik, behin eta berriro azpimarratu nuen bileran Delegaritzak ezin diola inori garraiorik gabe utzi Ikastolarako sarbideak egokitzeko neurriak modu operatiboan hartzen ez diren bitartean.
Duela hiru aste Irungo Udaleko Mugikortasun Zinegotziarekin hitzordua eskatu dugu Alkateari hainbatetan azaldu dioguna berriz ere azaltzeko, baina gure asmoa da garraio publikoa Ikastolaraino bertaraino iristeak duen garrantzia modu argian azpimarratzea.
Nik Guraso Elkarteko presidente gisa emandako urrats guztien ardura nigan hartzen dut eta ziur nago behin-betiko konponbidea arestian azaldutakoan dagoela.
Lehenxeago informatu behar genituela kaltetutakoak? Ba, beharbada bai, baina alarmak piztu baino lehen, beste bide batzuk jorratu nahi izan genituen. Ez genuen lortu. Sinistuta nengoen oposizioko taldeen bitartez zerbait lortuko genuela, konfidantza gehiegi jarri nuen horretan eta ez zen, azkenerako, horrela izan. Baina zerbait lortu dugu: farolak, hesia, semaforoa eta uztailaren 20a baino lehen bi udalek sinatua eduki beharko luketen akordioa.
Ez da konponbidea, konponbidearen parte bat baizik eta horretan lanean darraigu. Orain Arartekoaren ebazpenen zain egon eta behin betirako konponbide bat lortzeko presionatzen jarraitzea tokatzen zaigu.
Eta horretan gaude. Norbaitek pentsatzen badu hobe egin dezakeela edo beste ideia batzuk baldin baditu, Guraso Elkartearen Junta irekia dago parte hartu nahi duen edozein gurasontzat eta nik nire aldetik presidente izateari uzteko prest nago beste batek ardura har dezan.
Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearen Presidentea.
Silvestre Balerdi