Aisialdiko taldea

Badakizue Guraso Elkartea Txingudi Ikastolako ikasleentzako aisialdi talde bat martxan jartzekotan dabilela eta, hain zuzen ere, lehen urratsa dagoeneko eman dugu: ikasleek proposaturiko izenen artean, eurek berak bozka emanez, Txingurri Bihurri aukeratu zuten.

Orain, hurrengo urratsak ematea dagokigu, eta horien artean, honakoa: datorren ikasturteari begira, gutxi gorabehera, zenbat ikaslek parte hartuko luketen jakitea. Eta horregatik jotzen dugu zuengana.

Horretarako, lehenik eta behin, aisialdi taldeari buruz kontuan hartu beharrekoekin gatozkizue:

  • Txingudi Ikastolako LH3 eta DBH4 bitarteko ikasleei zuzendutako jarduerak antolatuko ditu.
  • Adinaren arabera, jarduera ezberdinak egingo dira, adin bakoitzari egokituak: LH3 eta LH4, LH5 eta LH6, DBH1 eta DBH2, eta DBH3 eta DBH4.
  • Jarduera horiek zenbait larunbatetan izango dira, batzuetan egun osokoak eta beste batzuetan arratsaldekoak, eta berariazko formakuntza duten hezitzaileekin (gurasorik gabe) egingo dituzte.
  • Jarduera horien helburu nagusiak honakoak izango dira: neska-mutilek gozamen hutsean oinarritutako aisialdia izatea, eta hori euskara hutsez egitea.
  • Aurreko helburuez gain, balioetan oinarritutako aisialdia eskainiko du, berdintasunean, errespetuan eta hezkidetzan azpimarra berezia egingo duena.
  • Talde honek Guraso Elkartearekiko izaera autonomoa izango du, eta bazkidetze sistema baten bidez funtzionatuko du: bertan parte hartzeko, Txingudiko ikasleak izateaz gain, haur eta gazteek aisialdi taldean izena eman beharko dute eta urteko 10 €-ko kuota ordaindu (baita jarduerak izan ditzakeen gastu osagarriak ere; adibidez, Txuri-urdin izotz pistako sarrera).
  • Udaleku itxiak apartekoak izango dira: horietan espresuki izena eman beharko da eta dagokion kuota ordaindu.

Horrela, behin Txingurri Bihurri aisialdi taldearen funtzionamendua nolakoa izango den argituta, zuen seme-alabek bertan parte hartzeko interesik izango luketen jakitea baino ez zaigu falta. Hala balitz, mesedez, bete ezazue inprimaki hau ekainaren 25a baino lehen.

Ez ahaztu oraingo inprimaki hau ez dela izen emate orria (hori datorren ikasturte hasieran egingo litzateke), eta ez duela zuen partetik inolako konpromisorik (are gutxiago, inolako kuotarik ordaintzea) eskatzen. Honako hau aisialdi taldearen dimentsioa (bertan parte hartzeko interesa lukeen ikasle kopurua, alegia) zenbatekoa izan daitekeen jakiteko da, horren araberako aisialdi talde bat antolatu ahal izateko.

Besterik ez gure partetik, mila esker zuen arretagatik, eta espero dugu proiektu zoragarri honek zuengan ere gugan piztu duen interes eta ilusio berbera piztu izana.