Eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz egin dezaten

Azken urtean, Irungo eskola publikoetako Guraso Elkarte guztiok indarrak batu ditugu hirian eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten entitateetan gure seme-alabek euskaraz jardun ahal dezaten.

Izan ere, Irungo guraso asko kezkatuta daude euren seme-alaben euskara maila eta erabilerarekin, euskararekin duten harremana sarriegitan eskolara baino ez baita mugatzen. Eskolatik kanpoko jardueretan (igeriketa, futbola, dantza, arrauna, margoketa eta abarretan) euskararen presentzia eskasak hainbat ondorio sortzen ditu: euskara maila egokia ez lortzea, hainbat haurrek eskola baitute euskara entzun eta erabiltzeko eremu bakarra; neska-mutilek euskara eskolarekin (eta beharkizunarekin) soilik lotzea, eta gauza dibertigarriak gaztelaniaz soilik direla barneratzea; etxetik euskara dakarten umeek lagunartean euskaraz egiteari uztea eta gaztelania gailentzea…

Hori dela eta, guraso horien kezkak bere egin eta Irungo eskola publikoetako Guraso Elkarte guztiok gai honetan aurrerapausoak emateko lanean ari gara. Besteak beste, 2020ko bukaeran Udalari eskaera zehatz bat luzatu genion, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten entitateetan euskararen erabilerari bultzada bat emateko, eta gainerako udal taldeekin ere hitz egin genuen.

Hona horri buruzko erreportajea. Orain, herriko entitate nagusienekin biltzeko asmoa dugu, Udalari bezala, haiei ere gure kezka zuzenean helarazteko.

Baina horrekin batera, zuei ere, guraso gisa, eskaera bat egin nahi dizuegu: zeuen seme-alabei eskolaz kanpoko jardueraren batean izena ematean, jarduera hori euskaraz izan dadin eskatzea. Beharrezkoa da gurasook ere kezka hauek neska-mutilentzako jarduerak antolatzen dituzten entitate ezberdinei zuzenean helaraztea, bai Udalak, bai entitate horiek, kezka hau benetakoa dela ikus dezaten, eta aferari serio hel diezaioten.

Badakigu aurten berandu samar gabiltzala, dagoeneko hasiak baitira jarduera gehienak. Baina hemendik aurrera zeuen seme-alabek egiten dituzten jardueretan hizkuntzaren trataera zein den kontuan hartzea, galdetzea eta euskarazkoa eskatzea animatzen zaituztegu.

Gogoan izan, eskaera honen atzean Irungo eskola publikoetako Guraso Elkarte guztiok ari gara lanean; beraz, ez zaudete bakarrik eta asko gara kezka hau partekatzen dugunak.

Besterik ez gure partetik, eskerrik asko zuen arretagatik, eta espero dugu denon artean aurrerapausoak eman ahal izatea afera honetan.