Hurrengo urterako erronka berriak

Aurreko ostiralean, ekainak 3, Guraso Elkartearen bilera egin genuen datorren urterako erronka berriak aukeratzeko asmoz.
Bakoitzak bere proposamena beste gurasoei azaldu eta gero, denon artean aztertu eta eztabaidatu genituen. Bakoitzak lehentasunezkoak eta bideragarrienak iruditzen zitzaizkionak bozkatu zituen. Horrela, baloratuenak izan zirenak aukeratu eta horiek aurrera eramateko lan taldeak osatu genituen.

Horietako batzuk dagoeneko martxan dauden lan taldeetan txertatzekoak zirela ikusi genuen, hala nola: eskolaz kanpoko jarduerak aberastea (esku pilota, sormen-jarduerak…), Txingurri Bihurri aisialdi taldea finkatzea, eta DBHn euskararen erabilera sustatzea.

Hurrengo urterako erronka berriak, berriz, honakoak baloratu ziren gehien:

  1. Zaintza zerbitzua (gehienbat, ekaineko lanaldi jarraituetan).
  2. Bertako produktu eta kalitatezkoekin hornitutako sukaldea izateko aukera.
  3. Ikastolako ikasturte bukaerako jaia berriro martxan jartzea.

Erronkak ez dira makalak, eta laguntza oro izango da ongi etorria. Beraz, lan talde horietako batean esku bat botatzeko prest bazaudete, jarri harremanetan Guraso Elkartearekin (txingudi.gurasoak@gmail.com) eta besoak zabalik hartuko zaituztegu.

Eta bukatzeko, aurrera atera ez diren proposamenekin zer? Jolastokiaren eraldaketa, LH eta DBHn ikasgelatik kanpoko jarduera gehiago egitea, hezkuntza eta adimen emozionala lantzea, digitalizazioaren abantailak eta arriskuak lantzea…

Gurasoren bat horietako baten bati heltzeko prest badago, adieraz diezagula lasai, eta saiatuko gara horretan ere lan talde bat osatzen.

Guztion ekimen eta parte hartzeari esker, eta gure seme-alaben hezkuntza eta ongizatea hobetu nahi dugulako, guztiak ongi etorriak zarete.