Kalean bai programa

Badakizue iaztik Irungo eskola publikoetako Guraso Elkarte guztiok, guraso askoren kezkari erantzunez, lanean ari garela gure seme-alaben aisialdi antolatua euskaraz izan dadin (kirol taldeak, dantza eskolak, kultur jarduerak…). Eta lan hori lehen fruituak ematen hasia da: Udalak Irungo ume eta gazteentzako aisialdi eskaintza euskalduntzeko Kalean Bai programa berraktibatzea lortu dugu.

Hala ere, argi dugu halako programa batek ezerezean edo paper hutsean geratzeko arriskua duela, herritarrok (eta bereziki gurasook) horretan diharduten elkarte eta entitateei gure interesa helarazten ez badiegu. Ez ahaztu Kalean Bai programak 25 urte bete zituela iaz, eta urte horietan guztietan emandako urratsak hutsalak izan direla gehienetan: bertan parte hartzen zuten entitate gehienek euren eskaintza nagusiki gaztelaniaz ematen jarraitu dute. Orain, gure esku dago hasitako berraktibazioarekin berdina ez gertatzea, eta horregatik, Txingudi Ikastolako Guraso Elkartean hurbiletik jarraitzen ari gara programaren nondik norakoak.

Baina horrekin batera, zuei ere, guraso gisa, honakoa eskatu nahi dizuegu: zeuen seme-alabek uda honetan egingo dituzten jardueretan hizkuntzaren trataera zein izango den kontuan hartzera animatzen zaituztegu, eta beharrezkoa bada antolatzaileei zuzenean galdetzera eta euskarazkoa izan dadin eskatzera. Azken batean, oso garrantzitsua da gurasook ere kezka hau entitateei zuzenean helaraztea, bai Udalak, bai entitate horiek, eskaera benetakoa dela ikus dezaten, eta aferari serio hel diezaioten.

Gogoan izan, eskaera honen atzean Irungo eskola publikoetako Guraso Elkarte guztiok ari gara lanean; beraz, ez zaudete bakarrik eta asko gara kezka hau partekatzen dugunak. Besterik ez gure partetik, eskerrik asko zuen arretagatik, eta espero dugu denon artean aurrerapausoak eman ahal izatea gai honetan.