
Irungo Txingudi Ikastolako Guraso elkartetik, Toki Alai eskolako ‘Alaikiro’ Guraso elkartetik, eta Leka Eneako ‘Zabaldu’ Guraso elkartetik, gure babesa adierazi nahi diegu hezkuntza publiko duin baten alde borrokan ari diren irakasleei. Eusko Jaurlaritzak 2010etik berritu gabe duen lan hitzarmenaren negoziaketan, irakasleen lan-baldintzak ez ezik, gure seme-alabek merezi duten arreta eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak ere jokoan daude. HAU DA, HEZKUNTZA PUBLIKOA BERA DA JOKOAN DAGOENA.
Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea. Hezkuntza publikoak, lehenbailehen, honako neurriak behar ditu: ratioak txikitzea, hezkuntza laguntza beharretarako eta aniztasuna artatzeko baliabideak handitzea, plantillen egonkortzea eta gazte-berritzea, ordezkoen lana duintzea, zuzeneko eskola orduak murriztea, burokrazia murriztea, eta abar luze bat.
Hau defendatzea ikasle, irakasle, eskolako langile eta guraso guztiok osatzen dugun komunitate osoaren ardura den heinean, helburuak gureak egiteaz gain hurrengo larunbatean, maiatzak 10ean, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Alderdi Ederretik aterako den manifestazioarekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Larunbateko manifestazioaz gain Irunen, maiatzaren 12an, arratsaldeko 18:00etan San Juan plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera animatzen dugu Bidasoaldeko hezkuntza komunitate osoa.
Deialdia deskargatu