Txingurri Bihurri kolokan!

Guraso agurgarriok:

Mezu honen bidez, Txingudi Ikastolako Guraso Elkartearen babesarekin Txingurri Bihurri aisialdi taldea antolatzen dugun gurasook kezka bat helarazi nahi dizuegu, aisialdi taldearen beraren etorkizuna kolokan jartzen duena.

Denok dakizue Txingurri Bihurri martxan jartzeko arrazoi nagusia umeek eskolatik kanpo eta haien artean euskara erabiltzeko ohitura sustatzea izan zela, eta gaur gaurkoz, zalantzak ditugu helburu hori betetzen ari ote garen. Izan ere, antolatzen ditugun txangoetan zenbait umerengan ez dugu ikusten euskaraz egiteko inolako asmo edo ahaleginik, ezta gurasoengan horrekiko inolako kezkarik ere; adibidez, garraioaren zain daudela, gaztelania hutsez ari direnean- eta ondoan dauden haien gurasoek esku hartu gabe-, edo begiraleek behin eta berriz euskaraz egiteko eskatuta ere, inolako jaramonik egin ez eta jokabide berberarekin jarraitzen dutenean… Horrek guztiak jarrera egokia duten gainerako umeengan ere eragiten du, denon kalterako.

Badakigu eskolak berak bakarrik ezin duen bezala, aisialdi taldeak bakarrik ezin dituela umeen hizkuntza-ohiturak goitik behera aldatu. Baina, era berean, sinesten dugu ekimen hau baliagarria izan daitekeela euskararen erabilera sustatzeko, betiere, gurasook dagokigun arduraz jokatuz gero: etxeko guztiek argi izan behar dugu irteera hauek euskaraz direla, eta beraz, ez dela egokia hizkuntza horretan ez aritzea, errespetu kontua dela, antolatzaileon lana eta gainerako umeen jarduna zapuzten dutelako. Haurrak izanagatik, ez du esan nahi toki bakoitzean jokabide egokia zein den jakiteko gai ez direnik, ezta gutxiago ere. Hori bai, gurasoon ardura da hori behar bezala eta behar bestetan transmititzea

Gure partetik, haurren bat halako jokabide desegokiekin tematzen dela ikusiz gero, familiari jakinaraziko diogu, nork bere etxean ongi deritzon erara hel diezaien eta berriro errepika ez daitezen. Azken batean, atzean guraso batzuon lan eskerga eta guztion inbertsioa dago, eta honi denbora eta lana eskaintzen diogunok, argi ikusi behar dugu honek guztiak benetan merezi duela.

Bukatzeko, gure kezkak argi azaldu ditugulakoan, espero dugu datozen txangoetan kezka horiek uxatzeko jarrera aldaketa sumatzea, eta horrek lan hau guztia hartzen jarraitzeko indarra eta gogoa ematea. Bestela, alferrik ari gara.

Aldez aurretik eskerrak emanez, jaso ezazue gure agurrik beroena.

Txingurri Bihurri aisialdi taldeko guraso antolatzaileak

Txingudiko Gurasoak
Pribatutasunari buruzko ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaileari esperientziarik onena eman diezaiokegun. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, esaterako, webgunera itzultzen zarenean aitortzea eta gure taldeari interesgarriena eta erabilgarria iruditzen zaizun webgunearen atalak ulertzen laguntzea.