Eusko Jaurlaritzak curriculum ofiziala aldatzeko asmoa zuen hasieran, eta Eskola Kontseiluan eta beste organo ofizialetan egin beharreko eztabaidak eginda, EHAAn apirilaren 20an eman dute argitara Derrigorrezko Irakaskuntzako curriculum ofizialaren aldaketarako
dekretua. Batxilergoko eta Haur Hezkuntzako dekretuak maiatzaren 7an argitaratu ziren.
Eztabaida gehien sortu duten alderdiei dagokienez, honako puntu aipagarri hauek biltzen ditu dekretuak:
– Dekretuak dio Euskal Herria izan zela eta gaur egun ere badela, kontzeptu linguistiko eta kultural gisa, XVI. mendeaz geroztiko euskal literaturaren historiako testu batzuetan aipatua denez eta horietatik gizarte erabilerara hedatu denez, baina ez lurralde izate edo izate politiko-administratibo gisa. Xedapenetan, dekretu berriak zortzi aldiz aipatzen du kontzeptu hori,
betiere Euskal Herriaren elebitasunari, ohiturei, tradizioei eta iraganeko nahiz gaur egungo adierazpen kulturalei, arteari, Historiaurreko kulturei, erlijioari edo kultura materialeko soluzio teknologikoei loturik.
Euskararen tratamenduari dagokionez, dekretuak lehentasunezko arretako hizkuntza gisa aipatzen du euskara, nahiz eta beti hartzen duen kontuan bi hizkuntza ofizialkide daudela. Alde batera utzi da euskara hizkuntza nagusi gisa tratatzea, nahiz eta aitortzen den euskararen
defizita eta hura sustatzeko premia.
Hala, datorren ikasturtean hezkuntza komunitatea curriculum berrituekin hasiko da lanean. Aldaketa horien berri emateko, Hezkuntza Sailak arauaren zabalkunderako argitalpen bat egingo du, ikasturte honen amaieran edo hurrengoaren hasieran iritsiko dena ikastetxeetara.