Talaia hezkuntza komunitateari sustengua

Txingudi Ikastolako Guraso Elkartetik gure sustengua adierazi nahi diogu Hondarribiko Talaiako hezkuntza komunitateari. Eskolaren garbiketa zerbitzuan iaztik luzatu den lan gatazkaren ondorioz, Satarka, Biteri eta Bordari eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoek bizi duten egoera jasangaitza bilakatu zaielako ikasturte hasiera honetan. 

Aurretik doa, udalari zerbitzu ematen dioten ISS enpresako garbitzaileen aldarrikapenak guztiz zilegiak direla. Izan ere, ikasleen ongizatea bermatzen duten langile guztien lan baldintzak duinak behar dute.

Haatik, ez zaigu oharkabean pasatzen, ikastetxeek eguneroko martxa segitzeko oinarrizkoak dituzten halako zerbitzuak azpikontrata ereduan oinarrituta daudela, baita gure ikastolan ere. Eta beraz, gaur Hondarribian gertatzen dena, bihar gurean suerta daitekeela ere. 

Eskoletan osasun baldintza duinak behar dira ezinbestean, Irunen bezala, Hondarribian ere. Horregatik, Talaiako hezkuntza komunitateak deituta, irailaren 23an 17:00etan Biteri eskolatik atera eta herria gurutzatuta Hondarribiko udaletxean bukatuko den manifestaldiarekin bat egitera animatzen dugu gure hezkuntza komunitatea ere.

Hezkuntza sistemako langile guztien eta ikasleen baldintza duinen alde.