Eskola-jangelak: Eredu berria eta sukaldeen zain

Gero eta gehiago dira eskola-jangelen kudeaketa zentralizatuari alternatibak bilatzen ari diren ikastetxe publikoak. Horietako batzuk izan ditugu gaur gurekin prentsaurrean: San Martin eskola (Bergara), Orduña HLHI, Laukariz HLHI, Fleming HLHI (Villabona), Zabalarra HLHI (Durango), Atxondo HLHI, Allende Salazar HLHI (Gernika), Zeanuri HLHI, Muskiz ikastola, Txingudi ikastola (Irun), Karmelo ikastola (Bilbo).

2019an Eusko Legebiltzarreko partidu guztiek lau hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari jangelen plegu berriak inplikatutako eragileekin kontrastatzeko eta beste eredu deszentralizatu batzuk aztertzeko. Ez da ez bata ez bestea egin.

EAErako Hezkuntza Legearen proiektuak ere ez du inolako aurrerapausorik proposatzen arlo hauetan, izan ere, eskola-jangelak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren parte izango dela esatera mugatzen da.

Gaur egungo araudiak, 2000. urtetik berritu ez dena, kudeaketa zuzena deritzon aukera eskaintzen du soilik. Eredu horretan, catering enpresa handiek kudeatzen dituzte ikastetxe publikoetako jangelak, elikagai kilometrikoak erabiliaz hein handi batean. Familiek finantzatzen dute eredu honen zati handiena.

Hala ere, hainbat ekimen sortu dira urte hauetan eredu horretatik kanpo.

2016tik lau proiektu pilotu ditugu (Gernika, Orduña, Laukariz, Markina). Ikastetxe hauetan elikagai ekologiko, bertako eta sasoikoekin egiten dira menuak. Zazpi urte pasatu diren arren lehen esperientzia martxan jarri zenetik, oraindik ez da zabaldu aukera hau gainontzeko ikastetxeetara.

Bestalde, oraindik praktikara eraman ez diren hainbat proiektu dituzte esku artean gaur gurekin ditugun beste hainbat ikastetxek:

👉 Gasteizko Salburua auzoko ikastetxe publikoentzako auzoan hutsik dagoen lokal batean sukalde profesional bat eraiki eta bertan auzoko ikasle guztientzat propioki sukaldatzeko aukera aldarrikatzen du “Salburuak bere sukaldea” ekimenak”.

👉 Durangaldeako “Berton bertokoa” taldeak 2021eko uztailean aurkeztu zuen proiektua Hezkuntza Departamentuan, Mallabia, Berriz, Zornotza, Abadiño, Iurreta, Atxondo, Zaldibar, Elorrioko eskolak eta Orobiogoitiako institutuen izenean. Proiektua eskolako jangela kudeatzeko eredu alternatibo bat da.

Kudeaketa eredu honetan, tokiko administrazio publikoek( udala, mankomunitatea, Landa Garapenerako agentzia edo beste tokiko administrazio bat) eskolako sukaldea elikagaiez hornitzeko kudeaketaz arduratuko dira. Eredu hau, osasuntsua, hezitzailea, jasangarria, baldintza duinak dituena bai langileekin zein baserritar eta arrantzaleekin.

👉 Zeanuri eskolako ekimena, menuak eraldatzen dituen proposamen bat da, tokiko produktuez, freskoez, jasangarriez eta sasoikoez osatuak izatera pasatzeko. Aldaketa horiekin guztiekin batera, bazkariaren denbora bera espazio pedagogiko bihurtzeko prozesu bat proposatzen dute.

👉 San Martin eskolak (Bergara) jangela tokiko eta sasoiko elikagaiekin hornitzea aldarrikatzen du.

Esperientzia guzti hauek hainbat printzipiotan oinarritzen dira:

👉 Kudeaketa publikoa, langileena barne.

👉 Eskola-jangelan eskaintzen den elikadura ereduak garapen jasangarrirako helburuekin bat egin beharko luke (km0 produktuak, ekologikoak, elikagaien zero xahuketa eta abar.)

👉 Ikasleak elikadura osasuntsuan heziko dituen espazio pedagogikoa izan behar du eskola-jangelak. Horretarako, langile guztiek lan-baldintza eta formakuntza egokia izan behar dute.

👉 Ikastetxearen erabaki-ahalmenak handitu behar dira (eredua aukeratzea, zerbitzuaren kontrola, antolakuntza, hobekuntzarako proposamenak egitea, eta abar) dagokion formakuntza bermatuz hezkuntza-komunitateari.

Hau guztiagatik, hauxe eskatzen diogu Hezkuntza sailari: behingoz abiatu dezala eredu deszentralizatu/osagarri berria eraikitzeko prozesua, inplikatutako eragile guztiekin.

Sukaldeak ikastetxeetan

Jangela-eredu berria aldarrikatzearekin batera, 50 ikastetxe publiko baino gehiagok eskatu dute sukaldea eraikitzea euren eskola eta institutuetan, hainbat abantaila dituelako bertan sukaldatzeak:

▶️ Bazkaria zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago sukaldatzen da, zapore eta balio nutrizional guztiak mantenduz. Garraiatutako menuen kasuan zerbitzatu baino ordu asko lehenago prestatzen dira, dozenaka kilometro garraiatzen dira, eta erretilu batzuetan mantentzen dira, kalitatea nabarmen galduz.

▶️ Menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten du. In situ sukaldeek menu kopurua mahaikideei egokitzen diete, eta, horrela, lehengaiak kalitatezkoak eta freskoak direla ziurta daiteke. Garraiatutako menuetan, ehunka edo milaka menu prestatzen dira sukalde industrial bakar batean, menu horiek kalitatezko lehengaiekin egiteko aukerak nabarmen murriztuz.

▶️ In situ sukaldeak nabarmen murrizten du elikagaien xahuketa.

Goizeko lehen orduan, eskolara joan diren ikasleak zenbatzen dira, eta, horrela, menuak birkalkula daitezke. Garraiatutako menuarekin ez da birkalkulatzen, eta, beraz, xahuketa oso handia izan daiteke bertaratze-falta asko dauden egunetan.

▶️ In situ sukaldaritza tresna pedagogikoa izan daiteke. Elikadura-pedagogia oinarrizko balioa da. Balio asko ikasteko, sukaldaritza hezkuntza-gunea

▶️ izan daiteke. Garraiatutako menuen sistemarekin, menuak “erretilo anonimoetan iristen diren janari” bihurtzen dira.

▶️ In situ sukaldea duten ikastetxeetako familiek hobeto baloratzen dute menuen kalitatea. Datu eta inkesta guztien arabera, sukaldea in situ duten eskoletako familiek hobeto baloratzen dituzte menuak beren zentroetan garraiatutako menuak baino.

Hori guztiagatik, hauxe eskatzen diogu Hezkuntza sailari:

  • Ikastetxe publiko berri guztiak sukaldearekin eraiki ditzala.
  • Eskaera egin duten ikastetxe guztietan aztertu dezala sukaldea eraikitzeko aukera.
Dokumentu osoa deskargatu