Zein proiekturi heldu beharko genioke datorren ikasturtean?

Mezu honen bidez, Txingudi Ikastolako Guraso Elkartetik zuekin harremanetan jartzen gara, denon artean gure seme-alaben hezkuntzak eta ongizateak dituzten erronkak zehaztu eta aurrera eramateko.

Izan ere, Txingudi Ikastolako hezkuntza komunitatea guztiok osatzen dugu: ikasleek, irakasleek, garbitzaileek, jangelako langileek… eta, jakina, baita gurasook ere. Gurasoon ekimen eta lanari esker bestela ezinezkoak izango liratekeen gauza asko egiten dira Ikastolan eta Ikastolatik kanpo, besteak beste:

  • Ikastolako azpiegitura eta materialak: jolasguneen hornikuntza (kulunkak…), ikasgeletarako jostailu eta liburuak, irakasleentzako materialen lizentziak…
  • Ikasle, irakasle eta gurasoentzako formazio-tailer eta hitzaldiak.
  • Eskola orduez kanpoko jarduerak: zaintza zerbitzuak, tailerrak, kirol ikastaroak…
  • Txingurri Bihurri aisialdi taldea: erronka handia izan da aurten abian jartzea.

Era berean, gure seme-alabentzat onena nahi dugun heinean, gure betebeharra da haientzat amesten dugun hori lortzen saiatzea. Horregatik, egiten dizuegu honako galdera:

  1. Zure ustez, Guraso Elkartetik zein erronkari heldu beharko genioke datorren ikasturtean?
  2. Zer behar dute Txingudi Ikastolako neska-mutilek amesten dugun hezkuntza izateko?

Gaurtik hasita, maiatzak 24, eta astebeteko epean, maiatzaren 31 arte, ahalik eta guraso gehienek mezu honi erantzutea nahi genuke, helbide honetara idatziz: txingudi.gurasoak@gmail.com. Eta behin proposamen guztiak jasota, ekainaren 3an bilera bat egitea proposatzen dizuegu, nork bere proposamena labur-labur azaldu eta gero, denon artean garrantzitsuenak eta interesgarrienak aukeratzeko, eta datorren ikasturtean horiei heldu eta gauzatzen saiatzeko.

Horregatik guztiagatik, zuen proposamenen zain geratzen gara. Ekainaren 1ean emango dizuegu jasotako proposamenen berri, eta ekainaren 3an elkar ikustea espero dugu.