Datorren urterako proposamenak

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu jasotako erantzunagatik. Proposamen asko jaso ditugu, eta pozik gaude horregatik. Orain, ideia horiek egia bihurtzen saiatzeko ordua da, eta horretarako denon parte hartzea beharrezkoa izango da.

Jasotako proposamenak “izenburu” batean laburbiltzen saiatu gara, eta horietako batzuk, berdinak edo berdintsuak izaki, elkartu egin ditugu. Hala, honako zerrenda hau osatu dugu:

  1. Ikastolako urte bukaerako jaia berreskuratzea.
  2. Eskolaz kanpoko jarduerak aberastea: esku pilota, pentsamendu konputazionala, sormen tailerrak…
  3. Jolastokiaren eraldaketa: elementu naturalak, jolastoki dinamikoak…
  4. Hezkuntza emozionala eta adimen emozionala garatzea.
  5. Ikastolak sukalde propioa izatea, bertako eta kalitatezko produktuekin.
  6. Jardun jarraiko egunetan zaintza zerbitzua jartzea.
  7. Gaitasun Handiko umeen ongizate eta garapenari arreta jartzea: testak, proiektuak, tailerrak…
  8. LH eta DBHn ikasgelatik kanpoko jarduera gehiago egitea ikastorduetan.
  9. Digitalizazioaren abantailak eta arriskuak lantzea: hodeia, software librea, ciberbullying-a…
  10. Aniztasun funtzionalaren eta inklusioaren gaiari heltzea: egokitutako materiala, tailerrak, hitzaldiak…
  11. Txingurri Bihurri aisialdi taldea finkatzea.
  12. HHn egindako metodologia aldaketa materialez hornitzea.
  13. DBHn euskararen erabilera sustatzea.

Espero dugu zuek bidalitako proposamen guztiak goiko zerrendan ordezkatuak egotea. Hala ez bada, barkatu aldez aurretik, eta jarri gurekin harremanetan eta zuzenduko dugu.

Edonola ere, nork bere proposamena hobeto azaltzeko aukera izango du datorren ostiralean.

Izan ere, behin proposamenak eginda, benetako erronkari heltzea egokitzen da: horiek errealitate bihurtzea. Eta, hain zuzen ere, horretarako, bilera baterako deialdia luzatzen dizuegu:

  • Data: ekainaren 3a, ostirala.
  • Tokia: EKT elkartea (Larretxipi kalea, 12).
  • Ordua: 18:00

Eta ondoren, zizka-mizka batzuk izango ditugu, bilerari amaiera emateko.

Beraz, Guraso Elkartetik biziki animatzen zaituztegu bilerara etorri eta bertan parte hartzera, denon lana beharrezkoa izango baita, ideia horiek guztiak aurrera atera eta amestutako eskola egia bihurtzea nahi badugu.

Gure partetik besterik ez, ostiral arratsaldean EKTn izango gaituzue zuen zain. Ordura arte, jaso gure agurrik beroenak.