
Laster hasiko da Euskaraldiaren 3. edizioa eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra gauzatuko da.
Ez dakizula oraindik zer den Euskaraldia?
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktiko eta kolektiboa da, 16 urtetik gorakoei zuzendua, eta euskararen erabilera areagotzea du helburu. Horretarako, jendeari bi rolen artean aukeratzeko eskatzen zaio:
- AHOBIZI → Euskara ulertzen dutenekin uneoro euskaraz egingo duena.
- BELARRIPREST → Besteek berari beti euskaraz egin diezaioten eskatuko duena, nahiz eta berak beti ez euskaraz erantzun.
Horiez gain, aurten ariguneak ere badaude. Arigunea euskaraz lasai egiteko aukera eskaini eta halaxe egitera animatzen duten tokiek osatuko dute: dendak, tabernak, erakundeak, elkarteak… Jakina, Txingudi Ikastola eta Guraso Elkartea bera ere arigune izango dira.
Zergatik parte hartu?
Euskararen berreskurapenean oraindik egiteko urrats asko daudelako eta, horietako batzuk ematea erakunde eta entitateei badagokie ere, norbanakook ere badugulako zer egin eta zer hobetu. Hona datu batzuk:
- Irunen euskararen ezagutza % 33 ingurukoa da, eta ulertzeko gai da beste % 33, gutxi gorabehera; erabilera, berriz, ez da % 8ra iristen.
- Eta Ikastolan? Irungo ikastetxeen atarietan erabilera % 15ekoa da, eta gure ikastolako atarietan ere belarria jartzea baino ez dago, hobeto egin dezakegula ohartzeko.
Beraz, argi dago denok egin dezakegula gure ekarpena eta gure hizkuntzaren sua bizirik mantentzen lagundu: ezagutzea ez da nahikoa, hizkuntza batek ez baitu etorkizunik erabiltzen ez bada. Eta, hain zuzen, zertarako sortu zuten Ikastola gure aurrekoek?
Nola parte hartu?
Euskaraldiaren webgunean izena eman, Irungo udal euskaltegian txapa eskuratu eta, Euskaraldiak iraun bitartean, hartu duzun konpromisoa bete. Konpromisoa bakoitzaren nahi eta ahalmenen araberakoa da, txikia ala handia izan daiteke, baina oso garrantzitsua da betetzea. Euskaraldia ez da aldekotasuna adierazteko ekimen bat, ariketa praktiko bat baizik, aldaketa errealak eragin nahi dituena. Horrexegatik komeni da nork bere buruari konpromiso zehatz eta egingarriak jartzea, adibidez:
- Denda eta tabernetan, eta pertsona ezezagunekin lehen hitza beti euskaraz egingo dut.
- Beste gurasoekin nagoenean, niri euskaraz egiteko eskatuko diet, nahiz eta nik beti euskaraz ez egin.
- Auzoko umeei, nahiz eta haiek niri erdaraz egin, nik beti euskaraz egingo diet, ulertzen dute eta.
- Erdaraz egiteko ohitura dudan lagunarekin hemendik aurrera elkarrekin euskaraz egingo dugula adostuko dut.
- Telebista eta internet euskaraz kontsumituko ditut eta sare sozialetan ere euskaraz arituko naiz, edota Pantailaldia ekimenean parte hartuko dut.
ANIMA ZAITEZ ETA EMAN BIZIA EUSKARARI!